XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. LIBURUTEGIARI BURUZKO AZTERKETA

Hil ondoren Miguelek utzi zituen liburuetan garbi ikus daiteke zaletasun eta kezka bereziak zituela arkitekturarenganako. Gai horren alorra errenazimentuko Serlio eta Vignola bezalako autoreen liburuetan antzeman dezakegu, hau da, Vitruvioren aitzindaritzara bildutako jarraitzaileek sortutako arkitektura berriaren oinarriak hedatu zituzten autoreen lanetan.

Alabaina, harrigarria dirudi Vitruvio arkitekto erromatarraren lanaren ale bakar bat ere ez aurkitzea bere liburuen artean, hori izan baitzen arkitektura modernoaren oinarri eta zimentarria. De Architectura bere liburua arkitekto espaniarren ia liburutegi guztietan agertzen da, batez ere Miguel Urreak gaztelaniara itzulitako edizioa.

Miguel Irazustak ez zuen interes handirik erakutsi italiar eredu arkitektonikoaz bestelako joera independiente, desberdin eta partikularrak lantzen zituztenen alde, ez baita bere liburutegian ipar-Europan sortu zen vitruvianismo berria jasotzen zuten teoriko klasikoen libururik.

Autore alemanik ere ez da agertzen bere liburutegian, ez Herbeheretakorik ez eta frantsesik ere, nahiz eta horiek guztiak interes handikoak izan, bai interpretazioaren aldetik erakutsi zuten berezitasunengatik bai ekarpen grafiko, arkitektoniko eta ornamentazio mailan.

Kontuan izan behar da horien ekarpena, bada, antzinakoa edo modernoa izanik ere, hausnarketarako abiapuntu garrantzitsu izan zitekeela, batez ere heziketa praktikoaren mailan, arkitektoaren prestakuntzan eta tipologia eta ordenamenduak eratzeko orduan.

Hala eta guztiz ere, Serlio-ren jarraitzaile zen Philibert de l'Orme-ren Architecture bezalako liburuak Serlioren VI. liburuko urratsak jarraitzen ditu, hiri arkitekturari buruzko arauei dagokienean. Beraz, Irazustak garai hartan Espainian hedatuen zeuden italiar autoreen lanak zuzenean jarraitzeko aukera izan zuen.

Gure arkitektoaren liburuetan berebiziko garrantzia izan zuen Pietro Cataneo-ren liburuak, bertan hiriak, elizen kokapenak, gazteluak, jauregiak eta gotorlekuak eraikitzeko, hala nola ordenamenduak, proiekzio geometrikoak eta perspektibak egiteko ere, oinarriak eskaintzen baitzituen.

Herbesteko autoreen tratatu hauekin batera, gehien bat teorikoak zirenak, Miguelek bazituen beste liburu batzuk praktikari buruzkoak. Liburu hauek, gidaliburu bezala egituraturik, eraikuntzari buruzko ezagupenak ematen zituzten profesionalentzat. Anaia Lorenzo de San Nicolasen Arte y uso de la arquitectura liburua, adibidez, Irazustak ere izan zuena, bereziki sektore profesional konkretu bati zuzendutakoa zen, entziklopedia izaerakoa, hedapen asmokoa eta ikasleei zuzendutakoa; aproposa gertatzen zen gidaliburu teoriko-praktikoen hutsunea eta ikasketa-erakundeen eskasia betetzeko.

Agustindar errekoleto honek arkitekturari buruz Vitruviok jarritako eredua beste liburu zehatzago eta operatiboagoaz gainditu nahi izan zuen, eta harrera ona lortu zuen XVII. mendearen bigarren erdialdeko Madrilen, biziki baliagarri gertatu zelako, eraikuntza lanetan ari ziren ikasle, obra-maisu eta arkitektoek zituzten zalantzak argitzeko.

Italiako tratadista handiei buruzko komentarioak gehitu zituen bere liburuan; euklidiar aritmetika eta geometria nozioak; horrekin, beraz, gure arkitektoak garai hartako artisten liburutegi guztietan zegoen Euklides ospetsurik gabe ikasi ahal izan zuen.